Nortzuk Gara
Pausumedia elkarteak, 2004 urtean, Antxeta Irratiaren webgune ofizialaren proiektua martxan jarri zuen. Proiektuarekin aurrera jarraitzea lortu genuen urte oso batez, 2005.urtea bitarte
beraz, baina edukiak eguneratzeko arazoak ukan genituenez, 2006an bere horretan gelditu zen egitasmoa.
2005.urtean aldiz, Behe Bidasoa
eskualdean euskarri komunikatibo berri bat martxan jartzeko erronka
abiatu genuen: www.bidasoamedia.info. Euskara hutsean argitaraturiko lehen
astekari digitala dugu.
Azken hiru urte hauetan, bere ibilbidea egin du astekari digitalak. Ehundaka izan dira euskarazko agerkari digitalarekin harremanetan jarri diren elkarteak, eragile kulturalak, gizabanakoak… Hala, egindako lanak bere fruituak eman ditu. Izan ere, 20 000 bisitari jaso ditu Bidasoamediak.
Aldaketak izanen dira ordea, 2009.urtetik landa, elkarlanean aritu baita Hitza egitasmoarekin.
Gisa honetara, bere sustapen lana buruturik uzten du Pausumedia elkarteak, eta eskualdeak behar dituen euskarri komunikatibo berriak edota, dagoeneko sorturik daudenak sustengatzeari ekingo dio aurrerantzean.
“Euskarazko Irratigintza” laguntzeko sortu zen Pausumedia elkartea. Hendaia bertatik, Antxeta Irratia FM sortu genuen 2002.urteko otsailan, Entzun Ikus elkartearekin batera. Lapurdi barnekaldeko Gure Irratia sortu, eta aintzina daraman elkartea da Entzun Ikus. Lapurdi eta Gipuzkoako sostegua izan zuen beraz Antxeta Irratiak bere hastapenean eta baita garapenean ere.
“pausuirratia.net” proiektu berri honekin, hastapeneko ereduetara itzultzen da Pausumedia elkartea. Behe Bidasoa eskualdean kokaturik, irratia eta teknologia berriak uztartzen dituen euskarri komunikatibo berri bat da, aurkezten duguna. Alde batetik, uka ezina baita, azken urteetan, geroz eta gehiago direla irratia Internet bidez entzuten dutenak. Entzule ugarik, uhinetako ohitura erabat baztertu gabe, sarera egin dute jauzi. Azken batean, egungo baliabide informatikoek eta bizimoduak berak, besteak beste horretara eraman gaituzte. Irratia sarean egotearen aukera, aurrera pauso handi bat da komunikazio alorrean. Ezin zaie aurrerapen teknologikoei muzin egin, gertutik jarraitu behar dira, eta ahal izanez gero, bidelagun izan.
Ildo beretik, ezinbesteskotzat jotzen dugu, euskarak ere bere eremua ukatea Internet bidezko irratietan. Euskarak ere, bidelagun behar ditu teknologia berriak, modernizatu behar du, aurrera begiratuz, eta ez gibelera.
Beraz, euskararen presentzia sarean bermatzen duen egitasmo bat aurkezten dugu. Euskarari gainontzeko hizkuntzen hein berean kokatzea ahalbidetzen dion proiektu bat. Sarearekin batera, mundu zabalera jauzi egiteko parada du horrela. Irrati bat sarean jartzeari esker, “entzulea non, irratia han”.
Bidasoa eskualdean bestalde, ez dago halakorik oraindik. Ez dago, irrati bidezko komunikazioa, sarean eta euskaraz ahalbidetzen duen egitasmorik. Hutsune hori betetzera goaz.

Nortzuk Gara
